XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ordukoxea da, gainera, Agustin Ibarrola eskultorearekin eta Martin Arrizubieta euskaldun apaizarekin beti izan zuen adiskidetasun handia. Gehienak, guztiak ez esatearren, ezkertiarrak ziren baina euskal mundutik erabat aparte bizi ziren. Horien ezagutzari esker Gabrielek Blas de Otero, Gabriel Zelaia eta Curros Enríquez poeta sozialekin egin zuen topo, eta horien eragina nabarmen ageri da haren harrezkeroko obretan. Garai berean hasi zen marxismoaz interesatzen.

Karlos Santamaria, Gregorio Monreal eta, batez ere, Juan San Martin bezalako euskaldun intelektual aurrerazaleekin ere harreman onak izan zituen. Bestaldetik, Jon Mirande zuberotar faxistarekin ere tratu ona zerabilen, bien euskaltzaletasun eta literaturzaletasunean oinarritua.

G. Aresti bere adiskide Angel Ortiz Alfau bilbotarrarekin.

POETAREN IDEOLOGIA

Maiz aipatu da idazle eta artista espainolistek Arestiren ideologia ezkertiarrean izan zuten pisua baina, aldi berean, maizegi ezkutatu da Arestik eta bere lanak lagun horiek euskal arlora hurbiltzeko izan zuten eragin nabarmena. Izan ere, ordurarte, euskal literatura, eta oro har, euskal kultura osoa, zerbait baserritar, atzeratu eta liluragabetzat kontsideraturik zegoen kaletar ikasien artean.

Arestik, aldiz, bere nortasun dialektiko eta obra baliotsuekin argi erakutsi zien euskara gai zela goi mailako literatura egiteko, berak elebidun argitaratzen zituen liburuek ederki frogatzen zutenez. Ordudanik Euskal Herriko sozialista eta komunisten aldetik euskal erreibindikazioak bestelako begiekin ikusten eta bestelako tolerantziaz onartzen hasi ziren, lehenbizikoek azken aldion, berriz ere, ahantzi samar dituzten arren.

Aresti ideologiaz marxista ortodoxo edo, berdin dena, zurrunegia dela esan dezakegu. Ez zen sekula Espainiako Alderdi Komunistako kidea izan, batzuek interesatuki inoiz bestelakorik esan badute ere. Eta horren arrazoia garbi zegoen.